HELDUEN HEZKUNTZARAKO MATRIKULA IREKI DUTE


Prentsaurreko baten bidez bere garaian DBHko titulua atera ez zutenek orain aukera dutela agertu dute Baztango Udalak, Malerrekako eta Bortzirietako Mankomunitateen ordezkariek. Gizarte zerbitzuen bidez paratu zen martxa 2015ean eta arrakasta ikusita horrekin segitzea erabaki dute. 

Azalpenak eman dituzte prentsaurrekoan, jendea animatzearekin batean:

2015ean, Baztango Udalak, Malerrekako eta Bortzirietako Mankomunitateak, Gizarte Zerbitzuen bitartez, zonaldeko institutuekin eta Cederna Garalurrekin elkarlanean, eskualdeko helduentzako irakaskuntza programa publikoa eta doakoa indarrean jartzea lortu genuen. Jadanik Nafarroako hainbat eskualdetan indarrean zegoen helduentzako irakaskuntza zerbitzua, eta gurean berriz, ez. Huts handia sumatzen genuen, ikasketak bukatu gabe utzi zituenak aukerarik ez baitzuen ordura arte inguruan ikasketak bukatzeko.

Zerbitzu honekin eskualdean bertan, aukera eman nahi izan diegu, bere garaian ikasketak akitu gabe utzi zituzten herritarrei. 18 urtetik goitiko herritarrei oinarrizko ikasketak eskaintzea izan da helburu; doakoa eta hezkuntza sare publikoaren bitartez. Parte-hartzaileek Bigarren Hezkuntzako titulazioa eskuratzeko aukera izan dute. 

Datu batzuk aipatzeagatik:

2015-2016 ikasturtean 16 pertsonek izena eman zuten eta horietako 5ek dagoeneko titulazioa lortua dute.

2016-2017 ikasturtean 21 pertsona zeuden eta horietako 14ek titulazioa lortu dute.

Ikasturte honetan, 10 pertsona ari dira formakuntza jasotzen.

Beraz, bere garaian ikasketak bukatu gabe utzi zituzten herritar guztiei dei egiten dizuegu 2018-2019ko ikasturtean DBH-ko tituloa eskuratzeko taldean izena ematera, apirilaren 23tik maiatzaren 11a arte epea zabalik dago, Lekarozko institutuko bulegoetara deituz egin dezakezu. Telefonoa 948581803 da eta ordutegia, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara eta asteazkenetan arratsaldez ere 16:00 etatik 18:00ak arte

Honen inguruko informazio zehatzagoa eskuratu nahi izanez gero edo zalantzaren bat argitu, deitu zure zonaldeko Gizarte Zerbitzuetara.

Malerrekan, 948451746 telefonora

Baztanen 948580006 

Bortzirietan 948635036 

Animatu eta eman zure izena!!