POSTALEN GIBELEAN BIZIA BADELA ALDARRIKATU DU ERNAIK

Bilboko Guggenheim museoan ekimen desobedientea egin dute, Euskal Herria turisten postal bihurtzen dutela salatzeko.

Gazteak postaletako herriaren atzean daudela azaldu du Ernaik: "kanpotik datozen turistak pozik egon daitezen kateatzen gaituzten lan prekarioetan". Uda garaian herri ereduen arteko talka hori areagotu egiten dela salatu dute, turistei luxua eskainiz eta gazteak miseria eta esplotaziora. Lan prekarioak izanda, gutxi batzuen bigarren eta negoziorako etxebizitzak eskuratzea ezinezkoa dela esan dute. "Eskubide bat omen dena, espekulatzeko erabiltzen dute", adierazi du Ernaik.

Demografian dituen ondorio kaltegarriak ere nabarmendu dituzte: "aldera hauek, herrian garatzen den harreman ereduan eragiten du, komunitatearen deseraikuntza bultzatuz eta kapitalaren logika espekulatibo indibidualistaren alde eginez".

Herri eredu honen erantzuleak agerian utzi behar direla nabarmendu du Ernaik: "erantzule politiko eta ekonomikorik behinenak eredu hau bultzatu eta sustengatzen duten instituzio eta enpresak dira, ezein turistaren gainetik".

Eredu zapaltzaile horri aurre egingo dion alternatiba independentziatik, sozialismotik eta feminismotik eraiki behar dela azpimarratu eta borrokan jarraitzeko deia luzatu dute: "gu ordea, borrokan bizirik eta ilusioz, beste Herri bat eraikitzen gabiltzan gazteak gara. Herrian bizi nahi dugu, gure Herria bizi nahi dugu. Postaletako herriaren aurrean, eraiki eta borrokatu dezagun bizirik dagoen herria".