2017/03/05

ESNE SEKTOREAREN EGOERA SALATZEKO MANIFESTAZIORAT DEITU DUTE


Landa eremu bizien eta nekazaritza iraunkorraren bidean esne sektorea bizirik behar duela adierazi zuten atzo agerraldi jendetsu batean.  Baztango eragileen atxikimendu zerrenda haundiarekin egin zuten atzo agerraldia sektoreko zenbait nekazariek. 

Heldu den martxoaren 25erako manifestaziorat deituz. Adierazpena Migel Joxe Ariztia amaiurtar baserritarrak eta Mari Joxe Iparragirre elizondarrak irakurri zuten:

1. Alarma guztiak piztu dira. Apirilaren 1etik DANONEk Nafarroako mendialdeko zazpi nekazariri -tartean eskualdeko 6, horietarik 3 baztandarrak- ez die esnerik gehiago bilduko. Hori gutti ez, Sorian 20.000 behi-buruko esne ustiategia egin nahi dute. Lehenago, Caparroson, 5.000 burukoa inongo zalapartarik gabe egin zuten.

2. Azkeneko hamarraldi luzeetan nekazaritzan orohar eta esnegintzan  bereziki industria eta banatzaile handien neurriko eredua bulkatu dute. Produktibista, intentsiboa eta industriala. Hala, gure mendialdeetako nekazariak aldiro estutuz, bat ere erabakitzeko ahalmenik gabe, produkzio kostuetarat ailegatzen ez diren prezioekin, dirulaguntzen menpekotasunarekin, inbertsio handiekin eta lan-baldintza gogorrekin, aterabiderik gabeko atakarat eraman dituzte


3. Europako merkatu bateratuak, kuoten sistemak eta Nekazaritza Politika Bateratuek, administrazio publikoen erabateko inplikazioarekin sektorea egiturazko krisian sartu dute. Eta kontsumitzaileek, nekazaritzari buruzko inongo ezagutzarik gabe, esnearengatik prezio irringarriak ordaintzeko kezkarik ez dute izan.

4. Kapitalista eta enpresa handien menpean ari diren Estatuek, merkatu handi eta libreak sortzeko tratularitzan nekazari ttipien beharrak eta landa-eremuetako komunitateen geroa ez dute egundaino serioski gogoan hartu. Hala, gure mendialdeetako nekazaritza egitura desagertzeko bidean paratu dute landa-eremuetan aspalditik heldu den egiturazko krisi sozial eta ekonomikoa bulkatuz.

5. Baina nekazariak eta landa-eremuak zafratzen dituen eredu sozioekonomiko berak, logika merkantilista eta neoliberal horrek, hirietako eta lurraldeko bertze tokietako herritarrak eta kontsumitzaileak ere gogorki kolpatu ditu. Industria eta banatzaile handi horiek zernahi kalitatezko elikagai saltzeko bat ere begirunerik ez baitute. Nekazariak galtzaile, landa eremuak galtzaile eta kontsumitzaileak eta herritar arruntak galtzaile. A ze eredua!

6. Testuinguru horretan,  mendialdeko nekazal esplotazioak  inoiz baino gehiago industriaren beharretan direlarik, DANONEk zazpi nekazariri esne gehiagorik bilduko ez diela erran die. Hori bai, batzuei esnea biltzetik utzi bidenabar, bertze batzuei produkzioa handitzeko eskatu die. Lehenagotik heldu den produkzioaren pilaketa edo kontzentrazioa azkartuz.

7. Zalantzarik gabe, azkeneko urteetako produkzioaren pilaketak nekazal etxalde eta lanpostuen galera ekarri du. Haatik, orain artio burrunba gutti sortu da. Hala, orain bortz urte Caparroson 5.000 behi-buruko ustiategia egin zutelarik  inork ez zuen deus erran. Horrela, produkzioaren pilaketan urrats berria emateaz gain, produkzioaren deslokalizazioari  buruz bide berria, salaketa eta protestarik gabe hasi zuten. Ordura artio esnetako behiak mendialdetako bazkaleku eta etxaldeetarat loturik baziren, orain belar bazkarik gabeko tokierat mugitzen dituzte. Gisa horretan, Soriako 20.000 buruko proiektua ageri zaigu, esne produkzioaren pilaketa eta deslokalizazioa inoiz ikusi gabeko neurrietarat eramanez. 20.000 behi horiek urtero 180.000 tona esne produzituko dute, Hego Euskal Herrian egiten denaren %60.

8. Ageri denez, orain artioko bideak nekazaritzarik gabeko landa eremuak ekarriko ditu.

9. Zazpi nekazari hauek bizi dutena ez da arazo partikularra. 20.000 behi buruko esne ustiategiaren egitea  esne-sektoreko nekazarien arazo partikularra ez denez. Jendarte osoari, landa eremuari eta hiriguneari eragiten dioten arazoak dira. Landa eremuak bizirik atxekitzeaz ari baikara, elikadura osasuntsua eta kalitatezkoa kontsumitzeko eskubideaz; edozein herrik bizirauteko beharrezkoa duen elikadura burujabetzaz.

10. Horregatik herritar guztiei zuzentzen gatzaie. Zazpi nekazari hauek orain -baina bihar gehiago izan daitezkeenak- bizi dutenari eta 20.000 behi buruko ustiategiak geroari buruz ekarriko duenari EZ errateko.

11. Baina landa-eremuen etorkizunari BAI errateko. Lurrari lotutako nekazaritza iraunkorra, enpleguaren sortzailea eta herri ttipiak bizirik atxekiko duena bulkatzeko. Gure inguru eta bazterrak zainduko dituena, duina eta bizi-kalitatea ekarriko duena.

12. Guzti horregatik, nekazarien eta kontsumitzaileen arteko aliantzak bulkatu behar dira. Landa-eremuen eta hiriguneen artekoak. Langileen eta baserritarren artekoak. Ez gara bi gorputz, bakarra baizik. Batek min badu, gorputz osoa eri da. EZ oraingo kinkari, BAI, landa eremu biziei eta bizitza justuari. Karrikara atera gaitezen, gaur ASKI errateko eta, bihar, bideragarria den nekazaritza eta jendarte eredu justua eraikitzeko.

13. Herritar guztiak Apirilaren 1an, Elizondon atsaldeko 5tan eginen den manifestaldirat deitzen ditugu:

Landa-eremu bizien eta nekazaritza iraunkorraren bidean
Esne sektorea ere bizirik behar dugu!