NESKATOAK DOKUMENTALA LARUNBATEAN

Landa eremuko emakumeen nazioarteko egunaren harira NESKATOAK dokumentalaren emanaldia antolatu dute Baztango Udaleko Kultura eta Berdintasun Batzordeek. Emanaldiaren ondotik solasladia izanen da Jon Abril dokumentalaren egilearekin:

Nire haurtzaroan amatxiren kontu eta bizipen anitz aditu nituen etxean, amatxi berari zein aitari. Amatxiren bizipenak ezin izan nituen jaso, haur nintzela hil baitzen. Baina amatxi Micaela bezala dena utzi eta mendiz etorkizun baten bila joan ziren emakumeen testigantzak jaso nahi izan ditut.
Ehundaka izan ziren, frankismoaren urterik gogorrenetan, Baztan-Bidasoatik lanera joandako emakumeak. Bertze hainbat tokitatik ere joan ziren, baina mugarekiko hurbiltasunak bereziki eragin zuen gure eskualdean. Batzuk sasoia egitera joaten ziren, uda parteko lana, Ipar Euskal Herriko hotel eta jatetxeetara. Bertze anitz, amatxi bezala, etxe onetara interna modura, urte osorako. Batzuek, handik, Parisera egin zuten saltoa. Ameriketara artzain; Landatara, Iratira edota Alpetara mendi-mutil; edota Ternuara edo itsasora marinel joandako euren anaiak bezala, emakume hauek ere bizimodu gogorra izan zuten.

Horien guztien bizipenak eta gerra ondoko emigrazioaren inguruko dokumentala da “Neskatoak”.

NOIZ: Urriaren 15a, larunbata 19:00etan
NON: Arizkunenean