TURISMOKO DATUAK EMAN DITU BAZTANGO UDALAK


Baztango Udala aurreko legealdian hasi zen urtez urteko turismo bulegoko datuak modu sistematikoan jasotzen, eta turistek eskatzen duten  informazio mota hobeto sailkatzen. Horri esker, azken 5 urteetan Purioeseneako bulegotik pasatu direnen profilak eta interesak jasoak ditugu, konparaketa eta analisirako aukera emanez. Udako denboraldia amaitzen ari garela, aurten Elizondoko Turismo Bulegora hurbildutako bisitarien datu eta ezaugarri nagusiak aurkeztu nahi ditugu.
Uztailean 4496 pertsona hurbildu ziren turismo bulegora informazio eske; iaz baino %29,08 eta duela 5 urte hurbildu zirenak bider 3,75. Igoera nabarmena izan da. Jatorriari dagokionez, aurreko urteetako argazki berdintsua dugu: %27 Euskal Herrikoa izan da, %16,73 Kataluniakoa, %10,27 Herrialde Valentziarretakoa; %7,85 Andaluziakoa eta %5,11 Aragoikoa, %6,04 atzerrikoa izanik (horietariko %42  Frantziakoak). Urteko bertze sasoietan Madrilgo jende gehiago jasotzen badugu ere, aipatu beharra dago uztailean kopuru hori ez dela guztizkoaren %2ra iristen.

Abuztuan, berriz, Turismo Bulegoan  10667 lagun izan ziren. Honek suposatzen du iaz baino %49,77 gehiago, eta duela 5 urte baino 4 aldiz gehiago.  Harrigarriago ere, aurtengo abuzutuko datua 2013. urte osoan (10583) turismo bulegotik pasatu direnena baino handiagoa izan baita. Hilabete honetan, katalaniarrek eta valentziarrek hartu diete lehen postua euskaldunei, %25,61 eta %17,76 hurrenez hurren, Euskal Herrikoen %15,62ren aitzinean.  Laugarren jatorri nabarmena Madril da, %13,10rekin, eta bortzgarrena Andaluzia (%8,77), iazkoarekin alderatuz 3 puntu igo dena. Atzerritarrak %4,07 izan dira ( horien artean %60a frantsesa).
Uztail eta abuztuan hurbildutakoen artean, %35 inguru etorri da irakurritako/ikusitako erreferentziengatik edo norbaitek gomendaturik, eta bertze hainbertze Trilogia sortutako jakinminez. Aipatu beharrekoa da turismo bulegoko bisitarien %14 inguru errepikatzailea dela, hots, Baztan lehenago ezagutu eta bueltatzea erabaki duena. Lerro orokorretan, egonaldia egitera datozenen artean Baztangoa turismo familiarra izaten da. Halaber, egun pasa datozen bisitari aunitz izaten dira.
Egonaldiaren iraupenaren arabera, interes ezberdinak dituzte bisitariek. Hala ere, orokorrean erran daiteke Baztan bere osotasunean ezagutu nahi dutela (bereziki egonaldi luzekoak): herriak, natura, kultura, ohiturak... Ibilbideak - errazak zein luzeak - gehien galdetutako gaietariko bat da; Elizondorekin batera egun pasa eta Trilogiak erakarritakoen kasuan. Baztanera etorri diren ia guztiek badute Xorroxinen berri, gune horren inguruan egiten hasi den lanketaren beharra are nabarmenago uzten duena. Baztango Done Jakue Bideak gero eta interes handiagoa pizten du, GR11rekin batera.
Datu hauetan oinarriturik irakurketa sakonagoak egin badaitezke ere, Baztango Turismo Bulegoko datuek argi eta garbi agerian uzten dute:
1.      25 urteko ibilbide luzeko fruitua da Baztanek Euskal Herri mailan eta kanpoan landa turismoan lortu duen izen ona. Behin eta berriz etortzen direnak eta bailara gomendatzen dutenak (ahoz-aho zein aldizkari eta abarren bidez) dira gure altxor nagusia. Turista hauei harrera ona egiten jarraitu behar da, gure eskaintza turistiko osoa sustatuz, kalitatea landuz. Horretarako funtsezkoa da Baztan erakargarri egiten duen izaera zaintzea: paisaia, herri kultura eta natura. Honek zalantza sakonak sortu beharko lituzke Aroztegia bezalako proiektuei buruz, Valentziar erako porrot egindako urbanizazio ereduei buruz. Berezkoa dugun izaera eta urteetako lana dira urtez urte gero eta turista gehiago ekartzen dutenak eta hori zaindu behar dugu.

2.      Baztango Trilogiaren eraginak jarraitzen du: zirkunstantzia arras positibo honek bi erronka jartzen dizkigu: (1) liburuaren eraginez Elizondon bakarrik interesaturik datozenak bailarako bertze txokoak ezagutzera bideratzea eta (2) etorkizunean bisitari hauek itzultzeko edota bailara gomendatzeko arrazoi onak ematea. Areago, heldu den udaberrian El guardiĆ”n invisible filmaren estreinaldiak izan dezakeen eragin gehigarria aurreikusita.

3.      Baztanek duen kokapen estrategikoa eta  alojamendu, ostalaritza eta jardueren eskaintza zabalak publiko ezberdinak asetzeko aukera ematen du. Sektore barneko elkarlana guztion ahalmenak hobetzeko aukera emanen duelakoan, lanketa hori beharrezkoa da. Udaletik dinamizazio lan horri ekin diogu, baina zalantzarik gabe, Baztango eragile guztien inplikazioa, bakoitzak bere mailan, beharko dugu.