IMANOL ESNAOLA GAINDEGIAKO KOORDINATZAILEA: EUSKAL SOZIOEKONOMIA 2015

NAIZ egunkari digitalean argitaratutako iritzi artikuluan, joan den urteari dagokion balantze sozioekonomikoan, bi ikasgai nabarmentzen ditu Esnaolak: oraingo lan merkatu prekarioa «luzerako dagoela gure artean» eta «larrialdi sozial handiko egoeren aurrean» jartzen duela euskal gizartea. Baita hirugarren bat ere: prekaritateak «edonor harrapa dezakeela», batez ere emakumea baldin bada.

Gaindegiaren sorrerako gogoeta tarteetan, Rafa Diezek azpimarratzen zigun Euskal Herriarentzat proiektu bat izango bada ekonomia eta gizartea modu baikorrean uztartzen dituen ikuspegitik egin beharko zela. Ekonomia eta gizartea, sektoreak eta lurraldeak, bakoitza bere konplexutasunean eta denak batera, herri xedez ehunduak, denon artean eta nork bere bidea eginez. Hitz batean, ikuspegi sozioekonomikoa.

Joan da, beraz, 2015. urtea. Zer esan, ordea, 2015 zaharrean ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen arteko uztardurak egin duen bideaz? Horixe ere egin behar baita, Herri garen aldetik.

Nazioartean munduko herrien ekonomia erabat baldintzatuko duten gertaerak izan dira, petrolio merkea, lehengaien krisia, Txinako burtsaren ezegonkortasuna… Munduan sakoneko aldaketa geopolitikoak abian dira aspaldian eta ezegonkortasunak oraindik luze joko du. Baina gurearen moduko ekonomia esportatzaileek egonkortasun «maila baten» beharra badute, are gehiago nazioarteko misio diplomatikorik gabe dabiltzanean. Horrekin guztiarekin BPGaren hazkundeak gorabidean jarraitu du, baina ekonomia errealean garai bateko eraginik gabe (agur mozkin aurreikuspenak, zerga bidezko diru-bilketa hazkorrak, inbertsio publiko indartsuak, soldata igoera orokorrak…). Geopolitika liskartsu eta aldakorra, ekonomia finantzario hauskorra, gas isurketei ezarritako muga berriak edo robotikaren bidetik datozen aldaketekin, ekonomia garatua duten lurraldeetan ezartzen ari den paradigma sozioproduktibo berria zertan gauzatzen den ikusten hasi gara.

Maila soziolaboralean, argazkiak gehiago du gazitik gozotik baino. Batetik, kontratazioa indartzen ikusi dugu, askoren langabezia egoera apaltzen lagundu duena, eta bestetik kontratazio horren izaera eskasa nozitzen hasi gara, behin-behinekotasuna eta partzialtasuna orokortu dira. Langile pobreak, etxeko gastuei aurre egiteko beste irabazten ez duten familiak, itxaropen profesionalaren bila doazen gazteen migrazioa…

2015ak bi ikasgai utzi dizkigu, lan merkatu prekario hau luzerako dagoela gure artean, eta lan merkatu honek larrialdi sozial handiko egoeren aurrean jartzen duela euskal gizartea. Hirugarren ikasgai bat ere bada, edonor gera daiteke prekaritatearen sareetan harrapatuta, batez ere emakumea baldin bada, nahiz eta goi mailako formazioa izan. Lanaldia eta lan baldintzen arabera oso mailakatutako gizarte konplexu batera goaz. Behar den intentsitaterik gabeko dedikazioa pobrezia adierazletzat hartzen da Europar Batasunean eta bide horretan doa, euskal gizartea tentsio sozial handiko egoerak bizitzen ari da, baina gordinagoak datoz.

Arlo produktiboan, Euskal Herrian, urte honetan petrolioari lotutako ekonomia bizkortu da (ikusteko noiz arte), eta hurrengo urteetan izango dugun eredu produktibo berriaren ezaugarriak ikusten hasi gara. 2008az geroztik industriak, eta manufakturak bereziki, atzerakada larria bizi izan dute (enpresak, lanpostuak eta kapitala galdu ditugu) eta 2015ean bizkortzen hasi dira, krisiaren aurreko indarretik urrun hala ere. Beraz, hamarkada luzeetan ekonomiari eragin dion motorrak 2015ean bizkortze zantzuak adierazi arren, itxaron egin beharko dugu, motorrak zenbaterainoko eraginkortasuna duen ikusteko. Bizkortze honetan, agerikoak dira bi ezaugarri, batetik industria berri horren kualifikazio maila altua, euskal gizarteari eraginkortasun handia eskatzen diona, eta bestetik atzerriko kapitala, inbertsio funts moduan, enpresa askoren jabegoan sartzea. 2008az geroztik euskal kapitalak atzerrira egin badu, 2015ean atzerriko kapitalak geure industrian (eta bere erabakietan) indartzen jarraitu duela ikusi dugu. Azken aste hauetan Buñuelgo General Electrik edo Iruñeko TWR ezagun egin zaizkigu, baina urteak inbertsio funtsek estutu eta bazterrean utzitako enpresen zerrenda luzea utzi digu.

Esandakoak esanda, geroan ere ez da faltako kanpoko kapitalik euskal enpresetan, egokia ere bada bide berriak urratzeko, baina Euskal Herriak bere eredu produktiboa zehaztu gabe jarraitzen du, oraingoz ahul dabiltzan sektore bakan batzuen eraginaren esperoan.

Euskal geografiak, halaber, kontzentrazio prozesuan jarraitu du eta hiriburuek azpiegiturak, jarduera ekonomiko garatuenak eta arazo sozial gehienak bere egin dituzte. Euskal lurraldetasun funtzionalaren ikuspegitik lurralde mailako problematikek, aski larriak izan arren, isilpean jarraitu dute. Hori da, beharbada urteko albistea, gure geografiari bizkarra emanez jarraitu duela gure agenda sozioekonomikoak. 2015ean Laborantza Ganberak hamar urte bete zituen nekazaritza jasangarriak Herri bat behar duela aldarrikatzen, Gipuzkoa Sarean egitasmoak hirugarren legealdiari ekin zion bailaraz bailara tokiko egitasmoak eraikitzeko bideak jartzen, Sakana biziberritzeko azken urteotan egindako lanak aitortza instituzionala jaso zuen Iruñean. Adibide gutxi, baina aintzat hartzekoak, denak ere, lankidetza oinarri oso zabalekoak, ikasi nahi duenarentzat.

Trantsizio ekonomiko produktiboan sartuta daude herriak, geurea ere bai; ez dugu ikusi, ordea, bide horretan abiatzeko gogoeta edo adostasun girorik. Esaterako, 2015ean I+G mailako gastua BPGaren %4tik gora ibili da erreferentziazko erregio europar zenbaitetan, geurean horren erdia ere ez.

Trantsizio energetikoari dagokionez, Hego Euskal Herrian nekez sortuko da behar den neurriko dinamikarik Madrilek ezarritako zerga eta zailtasunekin, urrun gabiltza erreferentziazkotzat ditugun Iparraldeko herrietatik eta handia da oraindik gure menpekotasuna.

Autonomia ekonomikoaren beharra (Ipar Euskal Herrian) edo honen garapena (Hegoaldeko Kontzertu eta Konbenioa) bizi dugun guztiaren sinbolo bihurtu dira, izan ere, gehiago behar duen herri honi gutxiago eskaini zaio zentralismotik. 2015ean ikuspegi zentralistaren atzaparra ikusi ahal izan dugu ate azpitik eta irinetan zuritu gabe.

2015ak beraz, garai berrien ezaugarriak ikusten hasteko balio izan badigu ere, ez dago erronkaren tamainako mugimendu soziopolitikorik ez gizartean, ez instituzioetan. Ahots kritikoak ez dira falta, bide berriak urratzeko indarrak ere ez, baina ez dugu gure burua ikusten anabasa honen erdian, besteen agendak mugitzen gaitu.

Metropoliak ezarritako diseinu sozioekonomikoa sufritzen jarraitu dugu, beraz. Auzia ez da gure ekonomia bideragarria den ala ez, bideragarritasuna gure Herri xedearekin bateragarri egiten dugun baizik, beste hainbat herrik egiten duten bezala. Esandakoa, 2015a mugitua eta nahasia izan da. 2016rako utzi dugu euskal diseinu sozioekonomikoaren eztabaida.