GOBERNU BERRIAK AROZTEGIAKO UGPS ONARTZEN BADU, LEHENGOAREN MAILAN PARATUKO DA


Ortziralean Lekarozko eskola zaharrean Aroztegiako proiektuaren egoerari buruzko solasaldia izan zen. Garbiñe Elizegik, Aroztegia eta gero zer? Elkarteko kideak egitasmoaren ibilbide historikoaren berri eman zuen. Ondotik Sustrai erakuntzako Martin Zelaia Nafarroan dauden udalez gaindiko plan sektorial (UGPS) desberdinei buruz solastatu zen. Akitzeko Paula Kasares hizkuntzalaria eta Baztango euskara zerbitzuko teknikaria proiektuaren eragin sozial eta
linguistikoetaz aritu zen. Hitzaldira berrogei lagun inguru hurbildu ziren.

Garbiñe Elizegik oroitarazi zuenez Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiako proiektua geldiarazi ondotik, enpresa sustatzaileak Nafarroako Gobernuaren aitzinean baliogabetutako proiektuaren idurikoa udalez gaindiko plan sektorial bezala abiarazi zuen. 2008an ere, modu horretako tramitazioa hasi zuten, nahiz orduan Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu eta udaletik bideratzeko erran zuen. Orduko irizpidearen kontra 2015eko hauteskundeen bezperan Nafarroako
Gobernuak Aroztegiako UGPS onartu zuen.

Martin Zelaiak Nafarroan UGPSak bat ere jusfikaziorik gabe erabiltzen ari direla erran zuen: Olaztiko errauskailua, Etxabakoitzeko geltokia... Bertzalde Aroztegiako proiektuak izanen dituen ingurugiro ondorioak ez direla behar bezala aztertu erran zuen eta ur­putzuak agortzeko arriskua dagoela.

Bertzalde, Paula Kasaresek proiektu urbanistiko handiek herri euskaldunetan izanen duten ondorioak neurtzeko metodologia garatzen
ari direla erran zuen eta, hori erabiliz, Nafarroan lehendabizikoz Aroztegiako kasuari buruz aplikatu dutela. Ikerketaren arabera Aroztegiako proiektuak Baztango euskararen ezagutzan eta hizkuntzaren berreskuratzean eragin larria izanen luke.

Mintzaldiaren ondotik sorturiko eztabaidan Aroztegiako proiektua Gorraiz berri bat litzatekeela aipatu zuten eta, horrek, Egueseko udalari gastu handia ekarri diola, udalak mantenimendu guztia beregain hartu behar izan baitu. Modu berean, 2005ean Amaiurren, Kisuan, iduriko proiektua egin nahi izan zutela aipatu zen eta, amaiurtarrek batzarrean ez erranik, ez zela egin. Geroztik Amaiur herri bizia izaten segitzen du eta Kisuako proiektua egin ez izanaz ez dira urrikitu. Momentu honetan Nafarroako Gobernuak Aroztegiako UGPSaren kontra Lekarozko herriak eta Baztango Batzar Nagusiak egindako eskariei buruz erabakia hartu behar du. Mintzaldian aipatu zenez UGPS ez da tresna demokratikoa eta modu horretan tramitatzea ez da onartzen ahal, zeren
bertzenaz herrietako batzarrak, udalak, eta Batzar Nagusiak ez baitute deustarako balio. Gobernu berriak UGPSa onartzen badu, lehengoaren maila berean paratuko dela erran zen.