BEIRA BILKETARI BURUZKO OHARRA KALERATU DU UDAL GOBERNUAK


Asteazkenean Diario de Noticiasek ateratako berriari erantzunez Udal Gobernuak argitu du beiraren bilketaren kudeaketa ez dagokiola udalari, Ecovidrio enpresari baizik. Hala ere jendeari kexak eta zalantzak jakinaraztea eskertzen die herritarrei. Halaxe dio prentsa oharrak:

Baztango Udalak atzoko “Diario de Noticias” egunkarian argitaraturiko berriaren inguruan zenbait gauza jakitera eman nahi ditu. 

Egunkari honek gure zonaldeari eskaintzen dion atalean argitaraturiko berrien artean bata beira bilketaren ingurukoa zen. Berriak zioen bezala, Baztango zenbait herritan beira edukiontziak beteak eta zenbaitzuk gainezka egon dira azken 15 egunetan eta herritarrek beira bilketa zerbitzuaren maiztasuna haundiagoa izan zedin eskatzen zutela zioen. 

Baztango Udaletik herritarrei jakinarazi nahi diegu zerbitzu hau ez dagoela gure esku. Beira bilketa zerbitzua ez da Udaletik kudeatzen. Estatu mailako Ecovidrio enpresa da beira bilketaren arduraduna eta honek azpikontrataturiko enpresa baten bitartez egiten du bilketa. Nafar Gobernuak Ecovidrio enpresarekin sinaturiko hitzarmen batek zehazten ditu bilketa honen nondik norakoak. Ecovidrio arduratzen da zonaldean beira kontenedoreak jartzeaz eta baita hemen bildutako beiraren bilketa eta tratamenduaz ere. Hau honela izanik ere, Baztango Udalak hondakinen kudeaketa egokia bermatze bidean bitartekari lanak egiten ditu, beiraren bilketa zerbitzu egokiak gainerako hondakin frakzioen bilketan eragin zuzena duelako. 

Azken hilabeteotan Ecovidriok azpikontrataturiko enpresa aldatzearekin batera hainbat arazo izan dira, eta ez Baztanen bakarrik. Arazo hauek, berriak zioen bezala, azken 15 egunetan areagotu badira ere konpontze bidean daude. Baztango Udalak aunitz eskertzen ditu jendearen kexa, abisu eta jakinarazpenak guzti hauek arazoaren dimentsioaren berri eman digutelako eta Udalak berak Ecovidrio enpresari behin eta berriz egin dizkien erreklamazioei indarra eman dietelako. Hala bada, Udaletik hondakinen inguruan dagoen edozein kexa edo zalantza jakinarazten segitzeko gonbitea egiten zaie herritarrei.