NORA SALBOTX: “Nabarmentzekoa iruditzen zait baztandarrok auzolana eta parte hartze eredu herritar orotarako badugun ohitura errotua”.

Apirilaren 24 eta 25ean Herri Hezitzaileei buruz gogoeta egiteko –bertzeren artean- “Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak egin ziren Donostian. Hik Hasik antolaturik ehunka jendek parte hartu zuten, tartean, baztandarrak eta horien artean, Nora Salbotx, Baztanen Herri Hezitzailearen egitasmoaren lehen pausuetan bideratzaile lana egiten ari dena. Arranbela Nora Salbotxekin solastatu da

Zer moduz Donostiako jardunaldiak?
Bikainak izan dira jardunaldiak, emankorrak bai horixe! Emaile interesgarri aunitz pasa da bertatik, gisa honetara, Finladiako Hezkuntza Sistemaz, Kataluniako El Martinet eskolaz edota gure jendartearen baden berezko aniztasunaz gehiago jakin ahal izan dugu bertzeak bertze.  Partehartzeari dagokionez ere jendetsuak izan dira, giro alai eta jatorrean joan dira, jendea gogotsu ikusi dugu. 

Zuk Baztango Herri Hezitzaileari buruz azalpena eman zenuen, ze nabarmenduko zenuke?
Han bertan erran bezala, nabarmentzekoa iruditzen zait Baztandarrok auzolana eta parte hartze eredu herritar orotarako badugun ohitura errotua (herrietako auzolan deialdiak, batzarreak, Baztandarrenerako karrozen prestatzeak, besta batzordeak, barrideen arteko laguntza emateak, sari eta eskeak eta bertze mila adibide baditugu). Hori dena giro euskaldun batean egiten dugu gainera, ahoan, buruan eta bihotzean euskara dugula.Honek, Baztan Herri hezitzailea ekimenaren lehen urratsak aunitz erraztu dituela uste dut, izan ere ez zaigu berritik heldu partehartzeaz, ekintzailetasunaz eta elkartasunaz zeozer eraikitze nahi hori. Garbi dut hazi hezitzaileetarako lur emankorra dela Baztan, aldez aintzinetik ongi zaindu, ongarritu eta ureztatutakoa. 

Baztandik Donostirat jende multzo bat joan zineten…
Bai, Baztandik ordezkaritza polita joana ginen harat: zazpi lagun izan gara, hezitzaile, gizarte langile edota hezkuntza alorreko ikasketetan dabiltzanak. 5 herri desberdin eta udala bera ordezkatuta egon dira jardunaldietan eta idei parrasta ekarri dugu bueltan.

Baztanen Herri Hezitzailearena ze momentuan dago?
Lehen urratsak azaro aldera ematen hasi ezkeroztik, udaberrian proiektuak loratzen hasi zaizkigu han eta hemen. Gauzak horrela, Lekaroz, Amaiur, Berroeta eta Elizondo gaur gero animatu zaizkigu herriko haur eta nerabeei protagonismoa emanen dieten ekimen desberdin zenbaitetan, batzuk abiatuta eta abiatzear bertzeak.Udal Gizarte Zerbitzuek eta Jo ala Jo kultur elkartea ere proposamen ederrak luzatuko dituzte epe motzera. Bertze pare bat herrik interesa agertu dute eta akaso heldu den ikasturtetik aintzin zeozertan hasiko dira, idei politak badira hor barna!
Gainera, Elizondoko proiektua kokatzeko  -parke baten zahar berritzea- zein Baztan hezitzailearen ekimena bera aurkezteko, jardunaldi xume batzuen prestaketan gabiltza, eriaroaren 6ean izanen dira. Horren berri fite izanen duzue.