UHOLDEEN DIRULAGUNTZARI BURUZKO PRENTSA OHARRA EGIN DU BAZTANGO UDALAK

Prentsa ohar baten bidez uholdeen kalteak konpontzeko Nafarroako Gobernuak nafartarren artean desberdintasunak egitejn dituela salatu du:

2015ko hasierako hilabetetan Nafarroan zehar gertatutako uholdeen inguruan lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi diegu kaltetuak izan diren herri eta herritar guztiei. Badakigu lehenengo eskutik zein gogorrak izan daitezkeen momentu eta egoera Hori erranda prentsaurreko hau deitu dugu Nafarroako herritar guztiei baina bereziki Baztandarrei jakinarazteko 2014ko uholdeak gertatu ondoren zein den Baztanek duen egoera eta baita ere 2015ko uholdeekin izan den trataera desberdina.

2014ko uholdeak gertatu ondoren hainbat bisita izan genituen bai Nafarroako Gobernutik zein Estatuko Gobernutik. Promesa ugari izan ziren baina aipatutako laguntzak ez ziren iritsi eta gaur egun azpiegitura publikoetan izan ziren kalteetatik 706.685,62 euroko balioa duten kalteak konpondu gabe daude oraindik, eta finantziazioa lortzeko aukerik gabe. Egin diren obretatik Nafarroako Gobernuak larrialdizkoak diren lanetatik %70 bakarrik ordaindu du, beste guztiak Baztango Udalak ordaindu behar izan dituelarik. Nekazal azpiegiturentzat eta nekazaritzako kalte pribatuentzat ez zuten inongo dirulaguntza berezirik eskaini. Orduan diru gehiagorik ez zegoela erran ziguten eta Estatuari zegokiola hori ordaintzea. Baztango Udalaren ustez Nafarroako Gobernuaren betebeharra zen ez-ohiko dirulaguntzak bideratzea kalte horiek ordaindu ahal izateko. Kontseilariaren erantzuna izan zen, hori beste nafar guztiak diskriminatzea izango zela.


Zein izan da gure sorpresa martxoaren 17an Tokiko Administrazioko zuzendari nagusi zein teknikariekin izan dugun bileran jakinarazi digute 2015ko kasuan bai Nafarroako Gobernuak baita Estatuko Gobernuak ere dirulaguntzekin larrialdizko kalteen %100 ordainduko zituztela. Hortaz aparte, nekazal azpiegiturentzat ere dirulaguntzetan %100 ordainduko zitzaiela eta errekan ere konfederazioak eginen ez dituen lanetan Nafarroako Gobernuak %100 ordainduko duela. Beste aldetik nekazari pribatuentzat ere dirulaguntzak izango zirela uholdeengatik irabaziko ez dituzten diruak kobratzeko.

Baztango kasuan ez da horrelakorik izan. Datu hauekin adierazi nahi dugu zein nabarmena den UPNren gobernuak Nafarren artean egiten dituen desberdintasunak. Hondamendi kasuetan ere lehenengo eta bigarren mailako nafarrak gaudela sinistarazi nahi digute. Gobernuaren jokabide klientelista eta diskriminatzailea salatu nahi dugu onartezina eta ustelkeria bultzatu besterik egiten duen jokamoldea delakoz. 

Horregatik, Baztango Udaletik berriro ere eskatzen dugu 2014 zein 2015ko izan diren hondamendi kasuetan Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak bideratu ditzan kalteen %100 ordaindu ahal izateko eta ez dezala dirua banatu afiliazio politikoaren arabera baizik eta beharren arabera.