UHOLDEAK ETA ERREKAREN GAINEKO EZTABAIDA MAMITSUA IZAN ZEN

Baztango Udalak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, foru hau aitzinago eginen den parte hartze prozesu baten hasmenta bertzerik ez da. Halaxe dio prentsa oharrak:

Baztango Udaletxean errekari eta uholdeei buruzko eztabaidagune emankorra egin da Baztango Udalak antolaturik bart arratsean (ortzegunean) Elizondon Baztan erreka eta uholdeak izenburuko mahai-ingurua egin zen. Baztango Udaletxeko batzar aretoa herritarrez bete zen. Mahai-inguruan hainbat adituk parte hartu zuten: Kantauri isurialdeko Uren Konfederazioko Felipe Román eta Noemí López, Nafarroako Gobernuko Uren zerbitzuko César Pérez, Camino Jaso biologoa eta erreka nahiz ur aferetan aditua, Julia Ibarra uraren kultura berri bat elkarteko kidea eta Iñaki Antiguedad EHUko Hidrogeologiako katedraduna.
 
Adituek 10 minutuz beren oinarrizko ikuspegia aurkeztu zuten. Modu horretan Konfederazioko Felipe Romanek uztailaren 4ko uberroaren deskribapena egin zuen. Segidan, Noemí López uholde arriskuen kudeaketa planez aritu zen. Baztan errekari buruz uholde arriskua duen tartea Elbeten hasten dela eta Oronozen akitzen nabarmendu zuen. Europako zuzentarauei jarraikiz, 2015erako uholdeen arriskuen kudeaketa planak idatzi behar direla jakinarazi zuen. Plan horietan prebentzio neurriak, babes neurriak, prestaketa neurriak eta berreskurapen neurriak aurrikusten dira. Eztabaidaren akaberan Garbiñe Elizegi Baztango alkateak jakinarazi zuenez, Baztango Udalak aurtengo aurrekontuetan Baztango uholde arriskuen plana egiteko diru-saila prestatu du.

Nafarroako Gobernuko César Pérez teknikariak uztailekoa tanta hotz bat izan zela erran zuen. Tanta hotzak kantauriko isurialdean ere ematen direla eta gainera, Baztan haranak dituen ezaugarriengatik ekaitzak bertan gertatzeko joera dagoela. Baztanen eta Elizondon uholdeak gertatzeko kontzentrazio denborez mintzatu zen.

Hala, Elizondon bortz orduz segidan 103 mm/s-ko euri kopurua eginda uholdeak gertatzen direla azpimarratu zuen. Uztailaren 4an 12 orduz segidan egin zuen eta 120 mm/s-ko bota zuen. Alerta zerbitzuetan hobekuntza batzuk egin daitezkeela aipatu zuen.

Camino Jaso biologoak berriz, erreka zer den azaldu zuen eta errekak euri-urak isurtzeko bideak direla erran. Hori horrela izanik, errekek beren funtzionamenduak dituztela jakinarazi zuen eta horiek ezagutu eta, ahal den neurrian, errespetatu behar direla. Uholdeak saihesteko errekak gainezka egiteko tokiak prestatu eta biziguneak babesteko planak egin behar direla aipatu zuen.

Bertzalde, Julia Ibarrak herritarrek zer nolako erreka nahi dugun erabaki behar dugula azaldu zuen eta gero, horren araberako neurriak hartu beharko direla. Modu berean, uholdeen ondotik premiak estuturik berehalako eskuhartzeak egiten direla aipatu zuen: lubetak, karrakatzeak...

Baina aldika premiak agindurikoa egitea ez da garrantzitsua dena egitea. Hedabideek eta oinarrizko zentzu komunak berehalako neurri eztabaidagarri horiek hartzeko egiten duten presioa salatu zuen.

Azkenik, Iñaki Antiguedadek 0 arriskurik ez dagoela erran zuen, baina arriskuak ttipitu daitezkeela. Klima aldaketarengatik erauntsiak gero eta gehiago eta gero eta zakarragoak direla ere erran zuen eta uholdeak kudeatzeko beharrezkoa dela arro osoan esku hartzea, ez errekan bakarrik. Ureztatze lautaden egoeraz ere ohartarazi zuen.

Ondoko eztabaidan herritarrek egindako galderei erantzuteaz gain, uholdeen kalteak ttipitzeko egin daitezkeen esku hartzeez ere aritu ziren eta orduan Txokotoko presaren eta Giltxaurdiko zubiaren kontua atera zen, Elbeteko Perreketeko zubia, Giltxaurdiko harri-pilaketak e.a.

Baztango Udalak uholdeetarako Madriletik eta Nafarroako Gobernutik agindutako sosak ez direla ailegatu salatu zuen. Gaia konplexua dela ikusi zen eta ikuspuntu desberdinak agerian gelditu ziren. Eztabaida foro hau aitzinago errekaren inguruan egin beharko den parte-hartze prozesu baten hasiera bertzerik ez da izan.

Baztanen, 2015eko otsailaren 20an.